Galdakaoko eta Bilboko bost emakume sendagile gara, Afrikako kontinentearen eta bereziki Angolaren egoerarekin aspalditik sentsibilizatuta gaudenak, herrialde horretan lankide boluntario gisa izan dugun esperientziaren harira.
2014ean joan ginen lehenengo aldiz Afrikako herrialde horretara, Angolaren barrualdeko Bié probintzian kokatuta dagoen Vougako Ospitaleko egoera sozial eta sanitarioa balioztatzeko asmoz.
Bertan lankidetza-jardunean emandako ondoz ondoko hiru urteetan aurkitu ditugun arazotik handienetako bat, edateko uraren eskasiari lotutako gaixotasun gastrointestinalen kopuru handia izan da, horietako batzuk hilkortasun handikoak izanik.
Hori dela eta, besoak gurutzatuta egon beharrean, zeozer egitea erabaki dugu egoera larri hori hobetzen laguntzeko. Horretarako, harremanetan jarri gara Hego Amerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan nazioarteko lankidetza eta sentsibilizazio proiektuak garatu eta aspaldi finkatuta dagoen Coopera ONGD Euskadi, nazioarteko lankidetza-elkartearekin. Erakunde honekin batera garatu dugun proiektuaren bitartez, eguzki-energiaz elikatutako ur-araztegi bat instalatu behar dugu, ospitalea eta inguruko herrixketako biztanleak behar adina edateko urez hornitu ahal izateko. Honela, bizi-kalitatea hobetu nahi diegu ospitaleko pazienteei nahiz ospitalearen inguruko herrixketan bizi diren pertsonei.